AKTUALITATEA / Errepresioa
Aitor Zabaleta oroitzeko tifoa debekatu nahi du Realak
Bultzadak salatu duenez, klubak faxismoaren aurkako tifoa "zentsuratu eta debekatu nahi du inongo argudiorik eman gabe".
2025eko abenduaren 11
Aitor Zabaleta oroitzeko tifoa debekatu nahi du Realak

Aitor Zabaleta omentzeko eta faxismoa salatzeko olana bati debekua jarri nahi dio Realak. Bultzada taldeak jakinarazi duenez, bihar gauean Realak eta Gironak Donostian (Gipuzkoa) jokatuko duten partidarako, tifo berezi bat prestatu du: "Irudian, Aitor Zabaleta agertzen da, Kortaturen diskoko aizkorarekin batera. Horrez gain, Kolore biziak faxismoaren aurka leloa idatzita dago, Fermin Muguruzaren abestiari keinu bat eginez".

Kirol-klubak, baina, ez du realzaleek aldarri hori estadioan ateratzerik nahi, Bultzadak salatu baitu "tifoa zentsura eta debeku mehatxupean" dagoela. Realak "tifoa zentsuratu eta debekatu nahi du inongo argudiorik eman gabe", zaletuen taldeak ohartarazi duenez. Hala ere, "tifoa ateratzeko ahalegin guztiak" egingo dituela dio, "debekuen gainetik". "Aitorrek merezi du, borrokak merezi du. Memoria dugulako, memoria garelako", gaineratu du.