AKTUALITATEA / Errepresioa
AHTaren aurkako mugimenduko kide bat atxilotu zuten atzo Iruñean
AHT Gelditu taldeak prentsaurreko bat egin zuen arratsaldean, salatzeko bi kide deitu zituztela Espainiako Poliziaren komisarian deklaratzera. Horren ondoren atxilotu zuten haietako bat: "Abusuzko polizia-praktikak normalizatzen ari dira".
2026eko maiatzaren 21 - 05:44
AHTaren aurkako mugimenduko kide bat atxilotu zuten atzo Iruñean
— ARGAZKIA Ahotsa

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako mugimenduan parte hartzen duen lagun bat atxilotu zuen atzo Espainiako Poliziak, Iruñean (Nafarroa). AHT Gelditu plataformak atzo bertan jakinarazi zuen bi kideri telefonoz deitu zietela Poliziatik: esan zieten maiatzaren 20an Txintxillako polizia-etxetik igarotzeko, abokatu batekin. Ez zieten horretarako arrazoia argitu, eta telefonoaren beste aldeko poliziak ez zuen bere burua identifikatu.

Zitazio horri uko egitea eta "desobedientzia eskubideari" eustea erabaki zuten bi ekintzaileek, eta atzo arratsaldean egin zuten prentsaurreko bat komisaria ondoan, egoeraren berri emanez eta "gero eta kezkagarriagoa den polizia-praktika hori" salatuz. Jakinarazi zuten Espainiako Poliziak gero eta gehiagotan "ikerketapean dituen pertsonei telefonoz deitzen" diela "komisariara joan daitezen, ikerketa auzitegira bidali beharrean". 

Espainiako Poliziak agerraldi horren ostean atxilotu zuen bietako bat; AHT Geldituk 18:30ean eman zuen atxiloketaren berri, eta 19:30ean komisaria aurrera bertaratzera deitu zuen, protesta egiteko. Handik ordubete ingurura adierazi zuten aske utzi zutela jada atxilotutako kidea.

"Abusuzko polizia-praktikak normalizatzen" ari direla seinalatzearekin batera, AHT Geldituk, atzoko egunean zehar, gogorarazi zuen "elite kapitalisten inposaketa" dela trenbide horren eraikuntza, "indarrez ezarria". Eta gaineratu zuen: "Mugikortasun Militarrari buruzko 2.0 Europako Ekintza Planean xehetasun guztiekin deskribatu bezala, pairatzen ari garen deriba militaristan AHTa NATOren greba-tresna gisa erabiltzeak gure uste horiek guztiak berretsi besterik ez ditu egiten". Horiek horrela, makroazpiegitura horren kontra borrokatzen jarraitzeko deia luzatu zuen, "baita berau inposatzen digun sistema kapitalista polizial-militaristaren aurka ere".