AKTUALITATEA / Iranen aurkako eraso inperialista
AEBek Irango merkataritza-ontzi bat bahitu dute, makina-gelaren kontra tiro egin ostean
Ormuzko itsasartean eraso militarra areagotu du Washingtonek, Teheranek "pirateria armatua" salatu eta negoziazio-mahaira itzultzea errefusatu duen bitartean, itsas-blokeoa dela eta.
2026eko apirilaren 20 - 08:00
AEBek Irango merkataritza-ontzi bat bahitu dute, makina-gelaren kontra tiro egin ostean
— ARGAZKIA CENTCOM (X)

Irango bandera daraman Touska karga-ontzia harrapatu du Amerikako Estatu Batuetako Armadak, Omango uretan eraso armatua egin ostean. AEBetako Komando Zentralak (CENTCOM) eta Donald Trumpek berak baieztatu dutenez, USS Spruance misil gidatuen eraisleak ontzia geldiarazi zuen, Washingtonek Irango portuei ezarritako alde bakarreko itsas-blokeoaren barruan. Sei orduko mehatxuen ondoren, AEBetako gerra-ontziak 127 mm-ko kalibreko zenbait jaurtigai bota zituen merkantzia-ontziaren makina-aretoaren aurka, hura geldiarazteko. Ondoren, eraso egin zioten Marineen 31. Unitate Espedizionarioko kideek, eta gaur-gaurkoz ontziaren kontrola mantentzen dute.

Hazrat Khatam al-Anbiya Irango kuartel militarraren arabera, ekintza "pirateria armatua" eta nazioarteko printzipioen urraketa zuzena izan da, eta ohartarazi du bere indar armatuek "laster" erantzungo diotela erasoari. Bestalde, IRNA albiste-agentzia ofizialak jakinarazi du Irango Gobernuak ez duela parte hartuko Trumpek Pakistanen egin nahi zuen bigarren elkarrizketa-txandan. Teheranen ezezkoa erantzun bat omen da Etxe Zuriaren "gehiegizko eskariei", "diplomaziari traizio egin" izanari eta itsas-hesiari, su-etenaren inguruko ulermenaren urraketatzat jotzen baitu Iranek. 

Gorakada militarrak berehalako eragina izan du nazioarteko ekonomian, eta erreferentziazko petrolioaren prezioa (Brent) %7 igo da, 96,85 dolarrera iritsi arte upel bakoitzeko. Mohammad Reza Aref Irango lehen presidenteordeak adierazi duenez, "Ormuzko itsasartearen segurtasuna ez da doakoa", eta ezin da Irango petrolio gordinaren esportazioa murriztu, "besteentzako doako segurtasunaren esperoan". 

Eskualde mailan, Israelen erasoaldiak bere horretan dirau Libano hegoaldean, "su-etena" iragarri zuen arren. Hainbat bideok erakutsi dute Israelgo Armadako soldaduak Libanoko ondare erlijioso kristaua suntsitzen aritu direla, eta kontrol militarrerako "lerro horia" ezarri dute mugatik 10 kilometrora. Benjamin Netanyahuk berretsi duenez, Israelek eta AEBek "basakeriaren aurkako zibilizazio-borroka" dute esku artean; lurralde-okupazioa eta suntsipena justifikatu nahi dituen erretorika bat. 

Al Jazeera-k kontsultatutako adituek (hala nola Harlan Ullman aholkulariak) azaldu dute AEBek Irango ontzi bat harrapatu izana, nazioarteko zuzenbideari dagokionez, "gerra-deklarazio" bat dela. Washingtonek indar gordina erabiltzen duen bitartean, Teherango agintariek diote "setioa gauzatzeak" elkarrizketa zintzoa eragozten duela.