AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
Absolbitu egin dute Ezpala gaztetxearen okupazioaren harira epaitu zuten gaztea
Ezpala gaztetxea dagoen eraikinaren usurpazio arina eta kalteak eragitea egozten zioten auzipetutako gazteari, baina absolbitu egin du epaileak. Orain, prozesua bide zibiletik irekitzea litekeena dela salatu du Tolosaldeko Gazte Fronteak, eta bigarren bide horrek ere Ezpalaren desalojo arriskua ekarriko lukeela ohartarazi du.
2020eko abenduaren 24
Absolbitu egin dute Ezpala gaztetxearen okupazioaren harira epaitu zuten gaztea

Abenduaren 18an izan zen Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxearen aurkako epaiketa. Hain zuzen, gazte bat epaitu dute auzibide horretan, eta usurpazio arina eta eraikinari kalteak eragitea leporatzen zizkioten. Tolosaldeko Gazte Fronteak (TGF) GEDAR LANGILE KAZETAri jakinarazi berri dionez, iritsi da epailearen sententzia: absoluzioa. Dena den, nabarmendu dute epaia ez dela irmoa, jabeak bost egun baititu apelazio-helegitea ipintzeko. Epaiketan bertan, auzipetuaren absoluzioa eskatu zuen fiskalak, eta eraikinaren jabeak onartu egin zuen epaituari gutxieneko zigorra ezartzea egozten zitzaizkion delituetako bategatik.


BIDE LUZEA EPAITEGIETAN

2019ko apirilean okupatu zuten Ezpala gaztetxea. Ertzaintzak berehala idenfitikatu zuen birjabetzean parte hartu zuen kide bat, eta salaketa jarri zuen eraikinaren legezko jabeak. Izatez, ekainean egitekoa zen gaztetxearen aurkako epaiketa, baina pandemia egoera zela eta, abendura arte atzeratu zuten.