AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
34 sastakada: Sarrigurengo erailketa matxistaren xehetasunak
Bikotekidea gutxienez 34 aldiz sastakatu ostean, ama zauritu zuen larriki erasotzaileak. Gizonezkoak otsailean behartu zuen bikotekidea poligrafoaren aurrean galdera batzuk erantzutera.
2026eko otsailaren 24
34 sastakada: Sarrigurengo erailketa matxistaren xehetasunak

Tatiana Rodriguez aurreko ostiral arratsaldean erail zuen bere bikotekideak Sarrigurenen (Iruñerria, Nafarroa), euren etxebizitzan. 28 urte besterik ez zituen. Erailketa matxistaren xehetasunak argitara eman dituzte berriki zenbait komunikabidek, eta izugarriak dira: hiltzaileak gutxienez 34 aldiz sastatu zuen Tatiana labana handi batekin. Medikuaren txostenak dio "muturreko biolentzia" erakusten dutela zauriek, hezurrak ere ebaki baitzizkion arma zuriak.

Emaztea erail ondoren eraso zion amari gizonezkoak, hura larriki zaurituz. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan zuten gero. Gainera, lau seme-alaba izan zituen bikoteak, eta haietako bat bertan zegoen guztia gertatu zenean; 9 urte baino ez ditu.

Hiltzailea atzo igaro zen epailearen aurretik, baina ez zuen deklaratu nahi izan. Berehala espetxeratu zezatela agindu zuen epaileak, ihes egiteko arriskuagatik. Magistratuaren hainbat hitz jaso ditu Naiz-ek, erasotzailearen "jeloskorkeria" eta bikote-harremanean zehar biktimari jazartzeko "garatutako muturreko beharra" azpimarratu baititu, ondorioztatuz "kontrol eta zainketa etengabea eta agresiboa" gauzatzen zituela bere gain.

Poligrafoaren aurretik igarotzera behartu zuen

Horri lotuta, informazio bereziki larri baten berri eman du aipatutako hedabideak: badirudi gizonezkoak hilabete honetan bertan derrigortu zuela bikotekidea poligrafoaren aurretik pasatzera, iraganean egin zituen edo egin ez zituen gauzen inguruko galdera batzuk erantzun zitzan.