AKTUALITATEA / Errepresioa
32.000 euro isunetan, etxebizitza-eskubidearen alde borrokatzeagatik
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du urtebetean baino gutxiagoan 32.000 eurorainoko isunak jaso dituela, etxegabetzeen aurkako ekintzekin, La Caixa bezalako bankuen aurkako protestekin edo sanferminetako jota errebindikatzailearekin lotuta. Dirua biltzeko kanpaina bat eta dohaintzak egiteko kontu korronte bat jarri ditu martxan.
2026eko maiatzaren 23 - 06:07
32.000 euro isunetan, etxebizitza-eskubidearen alde borrokatzeagatik

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia egin zuen atzo, salatzeko urtebetean baino gutxiagoan 32.000 eurorainoko isunak pilatu dituela. Kopuru horrek gora egin dezake datozen hilabeteetan, oraindik hainbat zigor-prozedura ebatzi gabe baitaude. Sindikatutik diotenez, estatuak, batez ere Mozal Legea erabiliz, "etxebizitzaren aldeko mugimenduak zelatatu eta erreprimitzen ditu". "PSOE bezalako alderdiek Mozal Legea indargabetuko zutela baieztatu bazuten ere, sistematikoki aplikatzen dute".

Errepresio horren helburua da, sindikatuaren esanetan, "langileriaren protesta-marjina murriztea, etxebizitza-krisiaren testuinguruan". "Eskubide politikoen aurkako eraso onartezina" dela uste dute, beraz. Ondorioztatu dutenez, krisi ekonomikoa eta, bereziki, etxebizitza-krisia gogortu egin direnez, "langileen bizi-baldintzen okertzearen aurka borroka egiten duten antolakundeak errepresioaren jomugan daude".

Etxegabetzeak, bankuak eta jotak

Jasotako zigor ekonomikoen artean nabarmentzen diren kasu batzuk zerrendatu dituzte sindikatuko bozeramaileek, eta azaldu dute isunen zati handi bat datorrela etxegabetzeen aurka egindako protesta-ekintzetatik. Bi gogoratu dituzte bereziki. Batetik, joan den azaroan Erandion (Bizkaia) izandako etxegabetze hirukoitza: hiru etxebizitza egun berean hustu zituzten, hiru familia etxetik botaz iruzurrezko mailegu baten ondorioz. Santander bankuarekin lotutako enpresa batekin sinatu zituzten mailegu horiek. Bestetik, Astrabuduan emakume bat eta haren semea etxegabetu zituztenekoa ekarri dute gogora; m ailegu-enpresa batek bide judizialetara eta estrajudizialetara joz bota zuen familia bat bere etxetik. Desalojo horien kontra antolatutako protesten emaitza izan ziren bi atxilotu, 30 identifikatu eta milaka euroko isunak.

Bigarrenik, isunen beste zati handi bat La Caixako bulego batean egindako protesta-ekintza batetik dator. Duela urte eta erditik hona, Sindikatu Sozialista banku horrekin alokairu-kontratuak dituzten ehunka maizterrekin ari da borrokan. Iazko ekainean kontratu horietako klausula batzuk epaitegietara eraman zituzten, abusuzkoak eta legearen aurkakoak izateagatik. Borroka horren testuinguruan, maizterrak eta sindikatuko kideak La Caixako bulego batera sartu ziren protesta egiteko. Eskuorri batzuk banatu zituzten eta hamar minutu baino gutxiagoren ondoren bulegotik alde egin zuten. Hala ere, ekintza horrengatik 20 pertsona baino gehiago identifikatu eta zigortu zituzten. Sindikatuak "zigor horiek bereziki kezkagarriak" direla salatu du: "Banketxeak oso babestuta daude Legearen aldetik, eta horrelako ekintza baketsuak modu eredugarrian erreprimitzen dira". Gaineratu duenez, "bankuak dira etxebizitza-krisiaren erantzule nagusietako bat, baina Estatua arduratzen da haien aurka protesta egitea oso garesti atera dadin".

Hirugarrenik, 32.000 euro horietatik 1.800 euro iazko sanferminetan errebindikazio-jota bat kantatzeagatik ezarritako zigorretatik datoz. Aurreko ikasturtean bezala, 2025eko udan, sindikatuko kidek jota bat abestu zuten aste batzuk lehenago izandako bi etxegabetzeren aurka. Udalak isuna jarri zien sindikatuko bi kideri eta GEDAR LANGILE KAZETAko kazetari bati.

Diru-bilketa kanpaina

Sindikatuak iragarri duenez, errepresio-kostuei aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina bat jarriko du abian. Kamiseten bi diseinu berri saltzeaz gain (bertako artistek diseinatutakoak) eta zozketa baterako boletoak saltzeaz gain, dohaintzak egiteko Bizum kontu bat egongo da eskuragarri ekarpena egin nahi duenarentzat. Agerraldian dohaintza horiek nola egin behar diren azaldu dute: alegia, kontu korrontera transferentzia eginez (ES32-3035 0086 62 0860062114).

Beto politikoa Gasteizko Txosnetan

Jasandako errepresio konomikoa salatzeaz gain, Andre Maria Zuriaren jaietan Gasteizko Txosnetara sartu ezinik jarraitzen duela gogorarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Uste dute "beto horrek ez duela Ezker Abertzalearen sektarismo politikoa beste azalpenik", eta galdetu dute ea nola den posible "etxegabetzeen aurka borrokatzen duen eta urte osoan zehar milaka pertsonari aholkularitza eta babesa eskaintzen dien erakunde batek eta, gainera, lan hori egiteagatik errepresio ekonomikoa jasaten duen eragile batek, txosnetara ezin sartu ahal izatea, [txosnak] finantzaketa-iturri oso garrantzitsuak izanik".