Arriskuak erabatekoa izaten segitzen du Tubos Reunidosen: atzo bildu ziren berriz enpresako zuzendaritza eta sindikatuak, eta kaleratze masibo bat mantentzeko asmoari eutsi zioten zuzendaritzakoek. 301 langile bidali nahi dituzte kalera, Amurrioko (Araba) 274 eta Trapagarango (Bizkaia) 27. Aurretiazko erretiroak eta pizgarridun bajak baino ez dituzte eskaini "alternatiba" modura.
Enplegu-erregulazioko espedientearen inguruko bilera berriarekin bat eginez, Amurrioko plantillak 24 orduko greba egin zuen atzo ere, hirugarren egunez. Guztiek egin zuten bat greba-deialdiarekin, eta zerbitzu minimoetakoak baino ez ziren sartu lanera, aurreko aldian bezala. Goizean goiz elkarretaratu ziren Arabako fabrikako sarreran, kaleratzeei ezetz esateko. Oihu eta txistu artean eta Ertzaintzak babestuta sartu ziren lantegira zuzendaritzakoak, bilera hasi baino ordu eta erdi lehenago.
10:00etan hasi zen bilkura, eta kaleratze masiboarekin tematu zen zuzendaritza. Egin zuen eskaintza bakarra izan zen 60 urtetik gorako langile finkoek aurre-erretiroak hartzea, eta beste zenbaiti kalte-ordainak eskaintzea baja euren "borondatez" har dezaten: 25 eguneko kalteordainak lan egindako urte bakoitzeko (gehienez hamabi hilabeteko ordainketekin), aldi baterako beharginen kasuan; eta 30 eguneko kalteordainak lan egindako urte bakoitzeko (gehienez hemezortzi hilabeteko ordainketekin), 60 urtetik beherako langile finkoen kasuan.
Aiaraldea.eus-ek jaso duenez, sindikatuek esan dute ez dutela proposamen hori aintzat hartuko, enpresak ez duelako kaleratze kolektiboa nahikoa arrazoitu. ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek osatzen dute Amurrioko langile-batzordea. Otsailaren 23an eta 26an eta martxoaren 4an eta 9an ere egingo dute greba beharginek, espedientea negoziatzeko hurrengo bileren egunetan, baina aste honetarako jarri dute beste hitzordu garrantzitsu bat: ostiralean, otsailaren 20an, manifestazio bat egingo dute Amurrion 19:00etan.