AKTUALITATEA / Errepresioa
23 urte 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutenetik
Auzitegi Nazionalaren aginduz zarratu zuten komunikabidea, hamar arduradun atxilotuz eta haietako batzuk torturatuz. Gero 'Berria' ireki zutenean ere, haren kontra egin zuten beste operazio polizial bat. 2009an izan zen auzi nagusiari buruzko epaiketa, baina absolbitu egin zituzten akusatuak.
2026eko otsailaren 20
23 urte 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutenetik

23 urte bete dira garai hartan euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarraren aurkako operaziotik: Euskaldunon Egunkaria-ren itxieratik eta zenbait arduradunen atxiloketatik, alegia. Guardia Zibila 2003ko otsailaren 20an bertaratu zen Egunkaria-ren egoitza nagusira, Andoainera (Gipuzkoa), hura ixteko asmoz. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak eman zuen agindua, hedabideak ETArekin lotura zuela esanez.

Egunkariaren hamar arduradun atxilotu zituzten guardia zibilek: Fermin Lazkano, Inma Gomila, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Luis Goia, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Txema Auzmendi, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga. Guardia Zibilak atxiloaldian egindako torturak salatu zituzten hainbatek, Otamendik jakinarazi baitzuen "arratoiak bezala tratatu" zituztela: poltsa jarri zioten hari eta jipoitu egin zuten Torrealdai. Europako Giza-Eskubideen Auzitegiak gerora zigortu zuen Espainiako Estatua, 2012an hain justu, Otamendik salatutako torturak behar bezala ez ikertzeagatik.

Bost egunez Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon ondoren, atxilotuetatik bost baldintzarik gabe espetxeratu zituen epaileak: Alegria, Auzmendi, Oleaga, Torrealdai eta Uria, zehazki. Zubiriari 72 orduz luzatu zioten inkomunikazioa, eta Goia, Gomila, Lazkano eta Otamendi aske utzi zituzten fidantzapean.

2003ko otsailaren 22an milaka pertsona atera ziren kalera Donostian (Gipuzkoa), Egunkaria aurrera. Bai euskarari lelopean, itxieraren eta atxiloketen aurka. Berehala Egunero egunkaria jarri zuten martxan, euskaraz hura ere, eta 2003ko ekainean ekin zion bere bideari Berria-k, gaur egun ere martxan dena.

2003ko urriaren 16an, Egunkaria-ren enpresa-taldearen kontrako beste operazio bat egin zuen Guardia Zibilak, del Olmok aginduta orduan ere. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Angel Diez, Armando Hernandez, Joanmari Larrarte, Joxe Mari Sors, Mikel Arrizabalaga, Mikel Azkune, Mikel Sorozabal eta Xabier Legarra. Lau egun beranduago, taldeko abokatu Eneko Etxeberria atxilotu eta inkomunikatu zuten. Urriaren 21erako askatu zituzten guztiak.

Bost auzipetu epaiketara, 2009an

Epaileak 2004an auzipetu zituen zortzi pertsona: Alegria, Auzmendi, Otamendi, Oleaga, Torrealdai, Uria, Zubiria eta Joxemi Zumalabe (hilda zegoen hura). Fiskaltzak 2006an eskatu zuen auzia artxiba zezatela, Egunkaria ETArekin lotzeko nahikoa zantzurik ez zegoela esanez, baina aurrera egitearen alde agertu zen akusazio partikularra. 2007an komunikabideko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten, eta urte hartako azaroan erabaki zuen epaileak epaiketara joatea, prozedura laburtuarekin.

Auzmendik, Torrealdaik eta Uriak deklaratu ostean, Eloy Velasco epaileak 2009ko maiatzean erabaki zuen aurrera jarraitzea. 2009ko abenduan hasi zen auzi nagusiari buruzko epaiketa (ez auzi ekononomikoaren ingurukoa), Auzitegi Nazionalean, eta bost lagun deitu zituzten akusatu modura: Auzmendi, Oleaga, Otamendi, Torrealdai eta Uria. 2010eko apirilean eman zuten epaia, bostak absolbitu baitzituzten, froga falta argudiatuta.

Auzi ekonomikoari lotutako prozesu judizialak ere egin zuen bere bidea. Jose Maria Vazquez Honrubiak magistratuak 2010eko maiatzean esan zuen Donostiako Zigor Auzitegira bideratuko zuela gaia, baina kausa nagusian akusatuak errugabetu zituztenez, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen ez zegoela "delitu terroristarik", ustezko iruzur fiskal bat baizik, egotekotan.