AKTUALITATEA / Etxebizitza
20 pertsona baino gehiago etxegabetu ditu Poliziak Trapagarango industrialde batean, tartean adingabe bat
Jatorri sahararreko pertsona bat atxilotu dute desalojoan. Iaz, 60 lagun inguru etxegabetu zituzten Trapagarango Udalaren jabetzako eraikin batetik.
2026ko maiatzaren 13 - 08:56
20 pertsona baino gehiago etxegabetu ditu Poliziak Trapagarango industrialde batean, tartean adingabe bat
— ARGAZKIA entrapagaran.com

Trapagarango Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak elkarlanean egindako operazio erraldoi baten bidez, hainbat jatorritako 20 bat lagun etxegabetu zituzten atzo Trapagarango Elgeroko industrialdean, Sestaotik gertu. Abandonatutako eraikin batean bizi ziren etxerik gabeko pertsona horiek, baina desalojatu egin zituzten eta eraiste-lanak hasi ziren atzo bertan, eraikina egoera txarrean dagoela argudiatuta. Kaleratzean, gainera, jatorri sahararreko gizonezko bat atxilo eraman zuten polizia-indarrek.

09:00ak aldera hasi zen desalojoa eta eguerdira arte luzatu zen, eta eraikinaren jabe legalak presente egon ziren etxegabetze masiboan. 18 eta 68 urte artean dituzte etxegabetutako pertsonek, baina adin txikiko gazte bat ere bazen, El Correo-k jaso duenez. Eskuetan euren gauza guztiak zituztela utzi behar izan zuten bizitokia.

Bizkaiko Vox alderdi faxistak desalojoa txalotu zuen sare sozialetan: "Ertzaintza eta Polizia Nazionala zoriontzen ditugu euren lanagatik". PSOE buru duen udalak ez du adierazpen ofizialik egin, baina aurrez, Miguel Angel Gomez alkateak hainbatetan egin du etxerik gabeko pertsonak kaleratzearen alde. 2025eko apirilean, udalaren jabetzako eraikin bat (lehen suhiltzaileek erabiltzen zutena) hustu zuen Poliziak, 60 pertsona etxegabetuz; aurrez, eraikina "lehenbailehen" ixteko asmoa publikoki erakutsi zuen alkateak.