AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
20:00etan irekiko dute Mugimendu Sozialistaren Hernaniko txosna
Dena prest dago Hernaniko San Joan jaietarako, eta Txosna Batzordean ezarritako eta udalak berretsitako beto politikoaren gainetik, txosna bat jarri du Mugimendu Sozialistak.
2022eko ekainaren 23
20:00etan irekiko dute Mugimendu Sozialistaren Hernaniko txosna

Gaur hasiko dira San Joan festak Hernanin (Gipuzkoa), eta Mugimendu Sozialistak prest dauka txosna Tilos pasealekuan, Hernaniko Txosna Batzordearen kontrolpeko eremutik kanpo. Ezker Abertzaleak eta Mugimendu Feministak bultzatuta, eta Hernaniko Udalaren babesarekin, beto politikoa ezarri diote Mugimendu Sozialistari Txosna Batzordean; hala, debekatu egin diote ohiko txosnagunean txosna bat jartzea. Egoerari inolako aterabiderik eman ez zaionez, esku hartu eta, debekuak debeku, txosna bat muntatzea erabaki du Mugimendu Sozialistak. Herenegun izan ziren muntaketa-lanak, eta irekitzeko prest dago.

20:00etan jarriko dute martxan Mugimendu Sozialistaren txosna, eta Izar Haitz garagardoaren dastaketa antolatu dute ordurako. Biharko pintxo-poteoa izango da 19:00etan, eta etzi, mojitoak prestatuko dituzte Hernaniko Gazte Asanbladak antolatutako herri bazkariaren osterako.