AKTUALITATEA / Errepresioa
20.000 euroko isunak manifestazioetako "kalteengatik"; Donostiako PPren eskaera
Espazio publikoan egindako mobilizazioetan "kalteak" baldin badaude deitzaileak zigortu nahi ditu PPk, kaleetan aldarrikapenak egin daitezela kolokan jarriz.
2026eko apirilaren 15 - 13:36
20.000 euroko isunak manifestazioetako "kalteengatik"; Donostiako PPren eskaera
Joan den martxoaren 17ko greba orokorra, Donostian.

Mobilizazioetako adierazpen-askatasuna eta kalean aldarriak egiteko aukera mugatu nahi du Donostiako (Gipuzkoa) Alderdi Popularrak (PP). Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez, Donostiako Udalean bi proposamen egin ditu alderdi eskuindarrak: manifestazioetan espazio publikoan sor daitezken "kalteak" konpontzera edo kostuak ordaintzera behartu nahi ditu mobilizazioen deitzaileak, eta "kalte" horiengatik 20.000 eurorainoko isunak ezartzea ere bilatzen du, zigor-kodean kantitate horretaraino irits daitezkeen neurri berriak sartuz.

Martxoaren 17ko greba orokorraren ondoren egin du eskaera PPk. "Hiri-ingurunea babestu behar dugu, zaindu egin behar dugu, eta ezin dugu utzi gure fatxadak, dendak eta hiri-altzariak hondatzen, joan den martxoaren 17an gertatu zen moduan", zioen Borja Coromiras bozeramaileak. Horiek horrela, manifestazioen deitzaileak zigortu nahi ditu "kalteak" daudenean, "zuzenean edo subsidiarioki, horiek prebenitzeko beharrezko neurriak hartu ez dituztenean". 

Bere proposamenekin kalean aldarrikapenak egiteko askatasuna kolokan jarri du PPk, baina hala ere, Coromirasek esan du "eztabaidaezina" dela protesta egiteko eskubidea. "Helburua ez da eskubideak mugatzea, baizik eta deialdia egiten duenak bere erantzukizuna ere bere gain har dezala bermatzea", esan du.