Pintaketa faxistak egin dituzte berriz Irungo Lakaxita Gaztetxean
— ARGAZKIA Irungo Hitza

Beste eraso faxista bat jasan du Irungo (Gipuzkoa) Lakaxita Gaztetxeak: margoketa faxistak egin dituzte berriz. Besteak beste, "Antiantifa" idatzi eta sinbolo naziak egin dituzte bertan, hormak margo gorriz zikintzeaz gain. Ez da Lakaxitari azken urteetan egin dioten eraso bakarra, inondik inora ere: 2024ko abenduan eta 2025eko maiatzean ere agertu ziren pintaketa faxistak, antzekoak beti. Momentu honetan, Irunen eta inguruan dagoen Gaztetxe bakarra da Lakaxita, eta bertako kideek azaldu dute ez dela "kasualitatea" eraso faxistak jasatea behin eta berriz.

Irunen bertan, gainera, beste toki batzuetan ere egin dute propaganda faxista. Otsailaren amaieran, Plaiaundi ikastetxe inguruan zeuden aldarri antifaxista batzuei eraso zieten: "Faxismoa suntsitu" zioen margoketa handi bat estali zuen norbaitek, "Faxismoa eraiki" eta "Arriba España" idatziz. Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) faxismoaren eta inperialismoaren kontra antolatu zuen mobilizazio-egun bat otsailaren 26rako, eta horri lotuta egin zuten margoketa antifaxista hainbat lagunek.

Lakaxitaren etorkizuna kolokan

Azken eraso faxista salatzearekin batera, Lakaxitaren etorkizun zalantzagarriaren berri eman dute bertako kideek. Izan ere, San Migel-Anakan egitekoak diren obrak direla-eta, ez dakite zer gertatuko den Gaztetxearekin: "Sancheskiren lurretan ere etxebizitzak eraikitzen eta oraindik ez dakigu zein den Lakaxitaren etorkizuna". Espazioa defendatzera deitu dute.