Bart ekin diote greba mugagabeari Amurrioko Tubos Reunidoseko beharginek, 22:00etako txandan. Ohi bezala, lantoki pareko zubian elkarretaratu ziren gauean, Kaleratzerik ez! lelopean; eta Aiaraldeko errepide nagusia moztu dute gaur goizean, A-625 bidea hain zuzen ere. Enpresako zuzendaritzak ezarri nahi duen espedientearen kontra ari dira borrokan: 301 langile kaleratzea (274 Amurrioko lantegikoak), altzairutegia ixtea eta arlo logistikoa kanporatzea jasotzen ditu neurri sortak. Une honetan, hautsirik dago negoziazio-mahaia, eta badirudi enpresak akordiorik gabe inposatuko duela espedientea.
Martxoaren 11n amaitu zen espedienteari buruzko kontsulta-aldia, zuzendaritzaren eta gehiengo sindikalaren arteko akordiorik gabe. Hala ere, negoziazioa luzatzeko eta espedientea traba gutxiagorekin ezarri ahal izateko, kontsulta-aldia luzatzearen alde egin zuen zuzendaritzak, eta jarrera hori babestu zuten hasieran CCOOk, UGTk eta Meatzaldeko ELAko bi ordezkari sindikalek. Horren ondorioz, aurreko ostiralean egin zuten beste bilera bat zuzendaritzak eta sindikatuek, Bilbon, baina hor ere ez zen akordiorik egon: sindikatuek ez zuten enpresaren eskaintza sinatu, eta horrela itxi zen kontsulta-aldia.
Enpresa eta Jaurlaritza eskutik doaz erantzukizuna langileen gain jartzen
Aiaraldea.eus-ek azaldu duenez, Amurrioko altzairutegia zarratzeko asmoa izan zen desadostasunerako puntu nagusia bileran. Sindikatuek seinalatzen dute enpresak ez duela neurri hori behar bezala justifikatu, eta Amurrioko lantokiaren etorkizuneko bideragarritasuna baldintzatuko lukeela altzairutegiaren itxierak. Negoziazio-mahaia apurtu ostean, enpresak esan zuen espedientea "aplikatzera behartuta" ikusten duela bere burua, eta "egoera berri honetan irekitako agertoki guztiak aztertuko" dituela. Laster emango omen du behin betiko erabakiaren berri.
Dena den, hemendik aurrera gerta daitekeenaren erantzukizuna langileen eta sindikatuen gain jartzen saiatu da jada zuzendaritza: "Hurrengo urratsak izango liratekeenak, hau da, SEPIrekin eta finantza-erakundeekin zorra berregituratzea eta finantzaketa bilatzea, asko zailtzen dira akordio faltagatik". Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregi (EAJ) ere bat etorri da jarrera horrekin: "Ea nor den inbertituko duen ausarta".
Ia aldaketarik ez enpresaren azken eskaintzan
Tubos Reunidoseko zuzendaritzak ostiralean aurkeztutako eskaintza aurrekoaren ia berdina zen, sindikatuen esanetan. Proposamena Amurrion erreferendum bidez bozkatzea ipintzen zuen baldintzatzat, eta "borondatezko" irteerak, behin betiko beharginen kaleratzea, altzairutegiaren balizko etorkizuna ikertzeko batzorde bat eta birkokatzeetarako lan-poltsa bat barne hartzen zituen, besteak beste.
Amurrioko gehiengo sindikalak ezetz esan zion proposamenari: ELA, ESK eta LAB sindikatuek kontra bozkatu zuten, eta azken unean, UGTk ere jakinarazi zuen ezetz bozkatuko zuela; negoziazio-batzordeko hamahiru ordezkarietatik zazpi ziren, hala. Bilera izaten ari zen bitartean, Bilbon mobilizatu ziren Amurrioko behargin ugari, eta enpresako zuzendaritza eta espedientearen alde egiten ari diren sindikatuak eta ordezkariak seinalatu zituzten.
Trapagarango plantillaren gehiengoak, kontrara, baiezkoa eman dio espedienteari, aurreko ostegunean egindako erreferendumean (%87k bozkatu zuten eta %95k esan zuten baietz). Gainera, bertako ordezkari sindikalek uko egin diote greba-deialdiari. Bitartean, euren lanpostuen eta Arabako fabrikaren etorkizunaren defentsan hasi dute greba Amurrioko beharginek, eta mobilizazioekin jarraitzen dute tinko.