Bost atxilotu Andoainen eta Lasarten, margoketak egitea leporatuta
— ARGAZKIA beltri.blogspot.com

Ertzaintzak bost gazte atxilotu ditu azken asteetan Andoainen (Gipuzkoa) eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa), grafitiak egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, otsailaren 28an eta martxoaren 7an izan dira atxiloketak: N-1 autobidean Renfeko tren batzuk margotzea leporatzen diete.

Otsailaren 28an, N-1 autobideko manpara batzuetan egin omen zituzten margoketak atxilotuetatik hiruk, Lasarte-Oriarako lehenengo sarreratik hurbil. Horren berri izatean, Ertzaintzak kontrol-dispositibo bat jarri omen zuen martxan inguruan. Andoainen gelditu omen zituzten hiru lagunak, auto batean zihoazela, eta atxilo hartu zituzten; 18, 20 eta 25 urte dituzte.

Martxoaren 7an atzeman zituzten gainerako bi gazteak, Andoainen. Manuel Lekuona inguruan hainbat tren margotu omen zituzten zenbait pertsonak, eta horren harira bertaratu zen Ertzaintza: kotxe bati jarraitu omen zioten poliziek, bertan zihoazenen jarrera "susmagarritzat" jota, eta ibilgailua geldiarazi eta barruan zeuden lagunak identifikatu zituzten. Margo-arrastoak topatu omen zituzten gazteen arropetan, eta atxilotu egin zituzten.